XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldaketa termikoak

I. jarduera

Aldaketa termikoak: beroa eta tenperatura

Aurreneko unitate didaktikoan, materialak, beraien propietateak eta material horiek naturan aurkezteko dituzten moduak aztertzen aritu gara.

Unitate horretan konturatuko zinen bezala, materialak aldakorrak dira: batzuk lurrindu egiten dira berotzen direnean, beste batzuk apurtu edo eraldatu, edo aldaketa kimikoak jasan ditzakete.

Hau da, materia aldakorra dela esan genezake, eta, materia bizigabean behintzat, bi eratako aldaketak ikus ditzakegu: fisikoak eta kimikoak.

Bigarren unitate honetan aldaketa fisiko garrantzitsuenak bakarrik aztertuko ditugu, gainontzekoak ondorengo ikasturteetan ikusteko aukera izango baituzu.

Aldaketa fisiko garrantzitsu hauek izango ditugu, beraz, unitateko ikasgai nagusiak.

Baina zein da materiaren aldaketa hauen guztien motore edo eragilea?

Ea unitatea aurrera doan neurrian gai zaren galdera honi erantzuteko.

2. jarduera

Goian aipatu ditugun aldaketa fisiko horiek mota desberdinetakoak izan daitezke.

Hauek aztertuko ditugu: termikoak, elektrikoak, magnetikoak, soinuzkoak eta optikoak edo argiari dagozkionak.

Jarduera eta gaiarekin hasi aurretik eman iezaiozu begirada bat ikas-norabideari eta aztertu ea zer dakizun edo gogoratzen duzun han agertzen zaizkizun gauzez.

Saia zaitez ondorengo galderei erantzuna ematen.

1. Egizu zure inguruan beroarekin zerikusia duten hainbat egoeraren edo ekintzaren zerrenda.

2. Zein dira likido bero eta hotz baten arteko diferentziak?

3. Zer gertatzen zaio solido bati berotzen dugunean?

Eta gas bati?

4. Materia zenbat egoeratan aurki daiteke?

Zein dira egoera bakoitzaren ezaugarriak?

5. Beroa eta tenperatura gauza berbera al dira?

Hala ez badira, non dago diferentzia?